Udal Artxiboa. Ba al zenekien Eibarren Maiatzaren Lehenaren jaia 1904an ospatu zela lehen aldiz jendaurrean?
Eibarren jai horren ospakizunari buruz Udal Artxiboan ditugun lehen albisteak 1904koak dira. Hala, apirilaren 28ko Udalaren Osoko Bilkurako Akten Liburuan, Facundo Vildosola zinegotziak proposatuta, zera erabaki zen: jar daitezela argi elektrikoko fokuak Untzaga pasealekuan eta piztu daitezela, La Marcial bandak girotuko duen beharginen jaia dela-eta. Era berean, La Voz de Guipúzcoak, apirilaren 27ko edizioan, Langile Elkarteen Federazioaren Batzarrak egun hori ospatzeko antolatu zuen programa argitaratu zuen.
Lehen urteetan, errepublikano eta sozialista eibartarrek elkarrekin ospatzen zuten eguna, baina pixkanaka, Alderdi Sozialista jaiegun hori bere ideien aldarrikapen politikoa egiteko erabiltzen hasi zen, eta, Alderdi Errepublikanoa ospakizunetatik aldenduz joan zen. Urte batzuk geroago, Solidaridad de Obreros Vascos (SOV) sindikatu abertzalea sortu ondoren, Maiatzaren Leheneko jaiarekin bat egin zuten, baina bakoitza bere aldetik. Tomas Echalucek La Voz de Guipúzcoan egindako kronikek jasotzen dute nola ospatzen zen eguna; sozialistek Eibarko kaleetan zehar manifestazio bat egin eta Estixan edo Untzagako Herriko Etxean bazkari bat egiten zuten, eta abertzaleek Arrateko Santutegian meza bat izan ondoren zelaian ospatzen zuten.
Primo de Riveraren diktadura militarreko urteetan, gorabehera asko izan ziren; batzuetan ospatu zen eta beste batzuetan bertan behera utzi zen, gobernu-agintaritzak aginduta edo eguraldiagatik; Maiatzaren Lehenak Bigarren Errepublikan ezagutu zituen bere urrezko urteak.