Eibarko Udala
675 urteurrena Eibarko Udal Artxiboa

Eibarko Udal Artxiboa. 675 urte, eta etortzeko daudenak.

2021/02/05
Eibarko Udal Artxiboa. 675 Urteurrena.
Ez ziren garai errazak izan Alfonso XI. Erregeak Ego ibaiaren ertzean bizi zirenei herri baten pribilegioak eman zizkienean. Eibarko Udal Artxiboan ez da gordetzen gure herriaren historiari hasiera eman zion hiri-gutunaren kopiarik. Historia horren gorabeheraren batean galdu genuen dokumentua. Artxiboak gordetzen duen zaharrena 1409ko “Escritura de concierto del concejo de la villa de San Andrés de Eynbar con los moradores de las caserías de Irure e Iraolagoitia de Placencia” da. Eibarrek gordetzen duen lehenengo idatzitako oroitzapena gure albokoekin egindako akordio bat da. Badira 675 urte hiri-gutuna eman zigutenetik, eta 637 Soraluzerekin izan genuen desadostasun hartatik ere, eta hemen gaude oraindik, ibar estu eta ez oso polit berberean, bando-gerren –garai hartan modan zegoen hondamendia- desmasiak gainditu genuen grina berarekin.

Ligaren lehenengo mailara igotzetik onik atera gara, kontatu behar litzatekeen baino gerra zibil gehiago pasa ditugu, hainbat gainbehera ekonomiko, eta, berez, hau ez da ezta gure lehenengo epidemia globala ere. Eibar kartzeletatik atera eta erbesteetatik itzuli da. Herria bitan suntsitu digute, eta hainbestetan berreraiki dugu. Baliteke dantza horri gustua hartu izana, gaur arte gabiltza-eta herria belanunaldiero berriz marrazten, agian gure gustura behingoz utziko dugun itxaropen ezkutuarekin (ezinezkoa da, egia esan, baina horrela astia betetzea gustatzen zaigu).

Errepublika bat aldarrikatu zuten lehenengoak izan ginen –zazpikiak beti ere- eta, hainbeste hondamendik eta zorigaitzek utzi zizkiguten tarteetan denetatik fabrikatu dugu.  

Gezurra dirudi, hain ibar estuan hainbeste gauza gertatu izana.

Eta hainbeste aurpegi. Eibarko kale aldakorrek maparen lau ertzetatik etorritakoak ikusi dituzte. Batzuk negu bakar batez atertu ziren gure artean, beste batzuk sustraitu eta bertoko bihurtu ziren. Batzuk miseria gorritik iheska, besteak, berriz, etorkizun hobe baten atzetik korrika, beraien ibilaldian hemen gelditu ziren arte. Guztientzako egon zen lekua, nahiz eta jadanik nahiko estu ginen, baina, oraindik badago tokia etorriko diren hainbatentzat.

Zaila da bi belaunaldi ezberdinetako oroimenetik abiatuta Eibar berbera marrazteko gai liratekeen eibartar bi topatzea. Baina denak ados jarriko lirateke gauza batean. Otsaila hasieran airean anis-usaina dagoen lekuan, azaroan gaztaina errearena, uda partean inguruan bolbora eta su usaina dabilenean, eta beti maldetan belar moztuaren usaina dagoen tokian, tailerraren txistua jo bezain pronto lagunekin bazkari bat antolatzeko aukera dagoen lekuan, hantxe da Eibar.

Guztia gordetzen dugu gogoan, hala ere. Gertatutako guztia eta hemen bizi izan ziren guztiak. Eta horrela jarraitzen dugu, gure bailarari itsatsita. Zeruertzik ez du izango, agian, baina etorkizuna beti.

Gatazkak eta arazoak ez dira faltako, baina bilatuko diegu konponbidea. Horrela hasi ginen.