Udal Artxiboa. Ba al zenekien lehen ordu-aldaketa 1918an izan zela?
Espainian, 1918an aplikatu zen lehen aldiz udako ordutegia, apirilaren 3ko Errege Dekretuaren bidez, zeina hurrengo egunean argitaratu zen Madrilgo Gazetan: “disponiendo que el día 15 del mes actual, y a las veintitrés horas, se adelante la hora legal en sesenta minutos, y que el día 6 de Octubre del corriente año se restablezca la hora normal." Emandako arrazoia zen lehen mundu gerrak ikatz eskasia eragin zuela eta horrek bultzatu zuela ekoizpena areagotu eta kontsumoa murriztera, eta, aldi berean, ordutegia inguruko herrialdeetako ordutegiarekin bateratzera.
Eibarko alkate konstituzionalak, José Ramón Iriondok, bando bat atera zuen ordutegi-aldaketa aplikatua izan zedin. Bertan, eibartarrei jakinarazi zien apirilaren 15eko 23:00etan ordulariak ordubete aurreratu, eta bulego, eskola eta establezimendu publikoak ordutegi ofizial horretara egokitu behar zirela, baina ohartarazi zuen, halaber, ordutegi-aldaketa horrek ez zuela ekarri behar ezarrita zegoen lanaldia handitzea.