Datorren hilean hasiko dira Errebal eraldatzeko obrak, Dragados S.A. eraikuntza etxeari 4.093.126,69€an adjudikatu ondoren
Errebal, herriaren erdialdean dugun alde hori, goitik behera eraberritzeko eta berreskuratzeko obrak datorren abenduan hasiko dira egiten, Eibarko Udalak lan horiek egiteko ardura Dragados eraikuntza etxeari 4.093.126,69 euroan (BEZik gabe) adjudikatu ondoren. Errebalek gauza askotarako erabiliko den eraikin bat eta aisialdirako hainbat gune hartuko ditu bere baitan.
Adjudikazio horrek diru asko aurreztu dio Udalaren diru-kutxari, obra horiek 6.840.118,05 euroan (BEZik gabe) lizitatu zirelako. Obrak egiteko denbora ere asko murriztu da, Dragados eraikuntza etxeak 21 hilabetean egingo dituelako; beraz, baldintza-orrietan ezarritako denbora baino 9 hilabete lehenago. Epe berri honen arabera, Errebaleko ekipamendu berria amaituta egongo da 2017ko irailerako.
Adjudikazioa egin ondoren, Miguel de los Toyos alkateak pozik dagoela adierazi du, azkeneko urte hauetan Eibarrek izan duen hirigintza-proiekturik garrantzizkoenean urrats handia eman delako. “Gaur, oso pauso garrantzitsua eman dugu tokiaren kanpoko eta barruko ezaugarri guztiak zehaztu ondoren. Dudik gabe, oso berri ona da, eta erne egongo gara obrak zehaztu diren denbora eta prezioan burutu daitezen eta, aldi berean, lanak amaitu bezain laster espazioak beharko dituen hornidura guztiak edukitzeko lana egingo dugu.”
Errebalean erabilera askoko gunea egiteko proiektua Vaumm Arquitectura y Urbanismo SLP etxeak egin zuen "Errebal Ireki"ren diseinuan oinarrituta; eta proiektu hori, Eibarko Hiriaren Antolamendurako Plan Orokorraren seigarren aldaketa eginez onartu zen, aldaketa horren bitartez sistema orokor berri bat sortu baitzen, kulturarako komunitate ekipamendukoa.
Enpresa horrek proiektuaren diseinua landu zuen, tokiaren nortasuna berreskuratzeko eta erabilera aldetik tokiak zituen aukera guztiak biderkatzeko asmotik abiatuta, plaza bat, aisialdiko leku bat, azoka eta kultura-gune bat sortuz, hori dena, inguru haren alderdi historikoa zainduko duten hiri-hobekuntzetan funtsatuta. Guztira 2.600 metro karratuko aprobetxamendua lortu da erabilera ludikoetarako eta azokarako.
Obrek, aurrenik aparkalekua egingo dute. Parkinak solairu bi izango ditu: bata, bigarren solairukoa, bertakoentzat izango da, 103 aparkalekurekin, eta horrez gain beste 90 aparkaleku gehiago, txandakakoak. Bestalde, aisialdirako leku bat ere izango du, gauza askotarako erabiliko dena; 700 metro karratu inguru izango ditu eta jarduera kulturalak eta ludikoak egiteko balio izango du. Beraz, hara eramango dira une honetan Untzagako karpetan egiten diren azokak eta bestelako ekitaldiak. Tailerrak ere izango dira hango solairu ezberdin bitan, batak 325 m2 izango ditu eta besteak 120. Proiektuak, irisgarritasunaren aldetik, hobekuntza bat du, izan ere, erabilera askoko gune horretara inguruko kalteetatik iritsi ahal izango baita, parke-gunea ere izango du.
Maiatzaren 22an egindako udal bilkurak aho batez onartu zituen 2018 urtera arteko konpromisozko kredituak, “Errebal eraikin funtzio anitza eta kultura-ekipamendua” proiektuko obrei zegokien gastua finantzatzekoak. Aurrekontu-plangintza hori onartzean Eibarko Udalak bermatua du lanek urte bakoitzean izango duten kostuaren estaldura, obra-zuzendaritzarena barne; eta hori, Vaumm Arquitectura y Urbanismo SLP etxeak egin eta aurkeztu duen obren egikaritze-plangintzan oinarrituta egin da, eta hain zuzen ere, harik eta obrak amaitu arte, plangintza horretan urte bakoitzerako ezarri diren premiei eta zedarriei erantzuteko egin ere.
Errebalen erabilera askoko gunea sortzeko proiektua herritarren partehartze prozesu handi baten ondorioz sortu da. Prozesu hartan, hiritar taldeek, ordezkari politikoek eta gizarte-ordezkariek ideak eman zituzten, lekuaren funtzionaltasuna eta toki hari eman behar zitzaizkion erabilera ezberdin guztiak aisialdi-guneak izateko asmoarekin bateratu nahian.