Eibarko Udala
Euskara Plan Estrategikoa Parte hartzea Prozesua

Eibarko Udalak 2016-2025 urte bitarteko Euskararen Plan Estrategikoa diseinatzeko prozesu parte hartzailea jarri du martxan

2015/11/17
Prozesu parte hartzaile horretan Eibarren arlo desberdinetan eragile edota ordezkari diren 50 eibartar inguruk hartuko dute parte. Bi saio egingo dira Isasi-Markeskoa jauregian. Parte-hartze zuzena izateko deituak izan ez diren gainerako herritarrek ere euren bizipenen, iritzien eta aportazioen berri eman dezakete euskara@eibar.eus posta elektronikora idatzita.

Datorren hamarkadarako baliagarria izango den Euskararen Plan Estrategikoa diseinatzeko prozesu parte hartzailea abian jarri du Eibarko Udalak. Plan horretan 2016-2025 epealdirako erronkak, helburuak eta lehentasunak ezarri nahi dira. Euskararen Plan Estrategiko berria egiteko herritarron lankidetza behar-beharrezkoa da, eta parte-hartze prozesu horren bidez herritarrek euskararen inguruan dituzten bizipen, iritzi eta normalizaziora iristeko dituzten aportazioak jaso nahi ditu Udalak.

Gauzak horrela, Eibarko Udalak aipatutako prozesu parte hartzaile horretan egingo diren bi saioetan parte hartzera gonbidatu ditu aldez aurretik hautatutako 50 herritar inguru. Guztiak Eibarko esparru desberdinetako ordezkari edota eragileak dira, Bilerak azaroaren eta abenduan izango dira Isasi-Markeskoa jauregian, 18:30etik 20:00etara. Hala ere, bilera horietatik kanpo geratu diren herritarrek euskararen plan estrategikorako baliagarriak izan daitezkeen kezkak, zalantzak edota iradokizunak baldin badituzte, euskara@eibar.eus posta elektronikora idatz dezakete.

2011-2014ko Plan Estrategikoaren datu batzuk

Eibarren orain arte egin diren Euskara Biziberritzeko Plan Nagusien sintesi txostena egin da, eta bertan jasotako datu aipagarrienak honako hauek dira: Eustaten arabera, 2011. urtean Eibarren  euskaldunak % 51, erdaldunak % 25 eta ia-euskaldunak % 23 dira. Adin-taldeka, berriz, 2 eta 14 urte bitarteko haur eta nerabeen taldeak du euskaraz hitz egiteko gaitasun handiena, % 88 euskaldunak dira.

Familia giroko esparruari dagokionez, 2011. urtean Eibarko hiztunen % 20aren etxeko hizkuntza euskara da (5.325). Irakaskuntza esparruan, 2011. urtean, D ereduan matrikulatuta zegoen ikasle kopurua % 68koa zen, hau da, 3.371 ikasle guztira. 2015ean ikastetxeek emandako datuen arabera, Haur Hezkuntzan % 100 D ereduan matrikulatuta dago, Lehen Hezkuntzan % 90, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan % 80, Batxilergoan %61 eta Lanbide Heziketan % 27.

Azken urteotan Eibarko euskaltegietan matrikulatu diren ikasleen datuak honako hauek dira: 2012-2013 ikasturtean, 313; 2013-2014 urte bitartean, 316; 2014-2015ean, 313. Gainera, 2014. urtean euskara ikasteko emandako diru-laguntzak 119 izan ziren (19.595 €).

Aurreko lerroetan aipatutakoaz gain, esan genezake euskararen ezagutza 15 eta 34 urte bitarteko gazteen artean nahiko altua dela egun; izan ere, euskaraz aritzeko gaitasuna dutenak % 68 dira, % 18 ia-euskaldunak eta % 14 erdaldunak.

Euskararen erabilpena 2000 eta 2015 urte bitartean

Euskararen erabilerak, apal bada ere, gora egin du umeetan, gazteetan eta helduetan. Umeen artean azken 5 urteetako batez besteko kale erabilera % 41,04koa da, 8 puntu egin du gora 2000 urtetik. Gazteen artean 10 puntu egin du gora kaleko erabilerak, % 26,18 da azken bost urteetako batez bestekoa. Helduen artean, 7 puntu igo da batez bestekoa, azken bost urteetakoa %18,04 da. Zaharren artean, berriz, euskararen erabilerak behera egin du 10 puntu eta orain erabilera % 17,14koa da.

Datuek argi erakusten dute auzoen artean euskararen erabilerari dagokionean dagoen aldea: Ipuruan, euskara % 40 inguruan erabiltzen den bitartean, Amañan % 10a gainditzen da gutxigatik. Urkin, herri ardatzean eta Urkizun % 20-25ean bueltan kokatzen da euskararen erabilera. Gainera, 2015eko datuek erakusten dutenez, jolasguneetan ematen da euskararen erabilerarik altuena, % 35, eta erosketetan baxuena, % 16,5. Gainontzeko esparruetan euskararen erabilera % 20-25 inguruan topatzen dugu.

Gazteen artean, euskararen erabileran igoera txiki bat izan da aurtengo datuei erreparatuz, % 25eko mugara gaindituz.

Modu laburrean esanda, 25 urtean jasotako datuek goranzko joera erakusten dute, igoera hori apala bada ere. 89-2000 hamarkadan erabilera orokorra % 20,59koa zen 2001-2005 % 23,70, 2006-2010 % 24,50 eta 2011-2015 tartean % 22,42koa izan da.

2016-2025 Euskararen Plan Estrategiko berriaren bitartez euskararen erabileran gora egiteko estrategia eta neurri egokiak adostu nahi dira.