Eibarko Udala

Eibar, fracking gabeko udalerria

2013/12/02
2013ko azaroaren 29an egindako bilkuran, udal ordezkaritza duten alderdi politiko guztiak biltzen dituen Eibarko udaleko Bozeramaileen Batzarrak, aho batez, Eibar “fracking gabeko udalerri” izendatzen du, pertsonen osasunaren izenean, eta gure ingurumena eta baliabide naturalak babestearren.

"Eibarko udaleko udal taldeon iritziz, Euskadik eta Espainiak, orokorrean, baliabide energetikoen miaketari buruzko eztabaida oraindik egiteke dute.  Eztabaida barea, ahalik eta iritzi gehien jasoko lukeena: premia energetikoak, gure energia-iturriek duten jatorriaren azterketa, dauden aukera guztiak eta energia-iturri horietako bakoitzaren arriskuak eta aukerak aztertzekoa. Horko emaitzak denbora askorakoak izan beharko lirateke, abagune politikoetatik eta presio politiko, ekonomiko eta sozialetatik kanpokoak. Euskadik, Espainiak bezala,  autosufizientzia energetikoari buruz bere borondatez izenpetutako betebehar batzuk hartu ditu  2020. urteari begira,  eztabaida horretan kontuan hartu beharko genituzkeenak.

Haustura hidraulikoa edo fracking delakoa, ez ohiko gasa ateratzeko teknika bat da, eta gaur egun,  pertsonen osasunean izan dezakeen eraginagatik eta ingurumenari egiten liezaiokeen kaltearengatik, zalantza handiak daude horren inguruan. Ingurune naturalari dagokionez,  lurzoruen nekazaritza-erabileran izan ditzakeen ondorioek kezkatu egiten gaituzte, teknika horretan derrigorrezkoak diren produktu toxikoak eta kutsagarriak injektatuta lurpeko akuiferoak kutsatzeko arriskua benetakoa delako, eta horren ondorioz, lurrazaleko ura kutsatzera irits daitekeelako.  Gainera, arrisku geologikoen alorrean ere mehatxu da, hortik mugimendu sismikoak sor daitezkeelako. 

Eztabaida hori sortzen ez den bitartean, gure ezetza adierazi nahi dugu, eta ingurumenarentzat eta pertsonen osasunarentzat berme osorik ez dagoen bitartean, fracking teknikaren bidezko ustiapen jarduera orori baimenik ez ematearen alde gaude.

Aurretikoak kontuan hartuta, Eibarko Udaleko Udal Taldeok, akordio hau hartu dute:

1.- Eibarko udalak Eibar “fracking gabeko udalerri” izendatzen du, pertsonen osasunaren izenean, eta gure ingurumena eta baliabide naturalak babestearren. 

2. Eibarko udalak, gai honetan eskumena duten Administrazioei hauxe eskatzen die: gure udalerri barruan eskatu diren edo eska daitezkeen ikerketa- eta erauzketa-baimenak geraraztea eta ezetza ematea."