Eibarko Udala
Eibar Sarajevo Gerra Bakea erakusketa Gervasio Sánchez Eibarko Udala

Gervasio Sanchezen erakusketa hartuko du udaletxeak gerra ororen izugarrikeria salatzeko

2017/05/23
Foru Aldundiko Lankidetzako Zuzendaritzak, Euskal Fondoak eta Eibarko Udalak elkarrekin antolatuta, Eibarko bonbardaketaren 80. urteurrenaren barruan dago kokatuta erakusketa; maiatzaren 23tik ekainaren 18ra bitartean bisitatu ahal izango da udaletxeko patioan.

Eibarko bonbardaketaren 80. urteurrenaren oroitzapeneko ekitaldien barruan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuko Lankidetzako Zuzendaritzak Gervasio Sanchez argazkilariaren “Sarajevo, gerra eta bakea” erakusketa antolatu du, Euskal Fondoarekin eta Eibarko Udalarekin batera.

Gervasio Sanchez mundu osoko gatazka armatu ugari bizi izan dituen erreportari grafikoa da. Hedabide ezberdinentzat lan egin du, nahiz eta gehienetan kazetari independente modura aritu, eta zenbait sari garrantzitsu jaso ditu, besteak beste, kazetaritzako Ortega y Gasset saria.

Erakusketa gaur, maiatzak 23, zabalduko da, 19:00etan, eta ikusgai egongo da Eibarko udaletxean ekainaren 18ra arte. 50 argazkiz osatutako erakusketa da.

Bosnia-Herzegovinako gerra nire bizitza profesionalaren eta pertsonalaren zati ukaezina da. Nire oroimenak ia egunero eramaten nau gatazka hartara. Bonbardaketa etengabeekin amets egiten jarraitzen dut eta herritarren aurpegietan izua ikusten jarraitzen dut, nahiz eta 2017ko apirilean gerra hasi zeneko mende laurdena bete den. Han ikasi nuen ezinezkoa dela gerra kontatzea. Boligrafoaren tinta agortugatik, adimena zorroztugatik edo errealitatea enkoadratugatik, inoiz ez duzu lortuko irakurleak gatazka armatu baten egia ulertzea. Izua imajinaezina da hori bizi ez duenarentzat.  250.000 bosniar erahil zituzten edo desagertuta daude, eta horietatik 16.000 adingabeak ziren. Sarajevon bakarrik, 1.601 ume hil ziren. Herrialde osoan umezurtzak diren 25.000 adingabe baino gehiago daude”, Sanchezek bizitako esperientziatik azaltzen duenez, eta orain argazkitan ikusi ahal izango dugu.

Bestalde, Lankidetzako zuzendariak, Fernando San Martinek, nabarmendu du “Eibarrek oroimenari bizirik eusteko gaitasuna duela eta elkartasuna erakusten duela munduko beste herrialde batzuekin”; halaber, gogorarazi du errefuxiatuak hartzeko prest azaldu zen lehenengo herrietako bat Eibar izan zela.

San Martinentzat “erakusketa honek aukera paregabea eskaintzen digu hausnarketa bat egiteko gerra guztiek berekin dakarten izugarrikeriaren inguruan; baina, baita ere, gizakiak gizarte zibilizatu bat berreraikitzeko duten gaitasunaren inguruan”.

Miguel de los Toyos Eibarko alkateak bere aldetik hauxe azpimarratu du: "Erakundeak elkarlan estu eta sendoan aritu behar dira ahaztuta moduan dauden historiaren zati batzuk berreskuratzen utziko dituzten asmoak lantzeko; eta halako izugarrikeriak berriro egiten utziko ez duen gizarteak aurrera egin dezan, ezinbestekoa da horrelako gertakariak beti gogoan edukitzea.”

De los Toyos jaunak gogoratu du “urtebete eta zortzi hilabete igaro dira Eibar abegi-hiritzat deklaratu zen egun hartatik, eta herriak eutsi egiten dio giza-eskubideen aldeko  konpromisoari; eutsi egiten dio errefuxiatuek babesa bila dezaketen herri bat izate horri".