2015eko Juan San Martin bekaren ikerketa esparrua Etnologia izango da
2015eko Juan San Martin bekaren ikerketa esparrua Etnologia izango da. Hala, Josu Ozaitak eta Jaime Altunak Halloween edo Animen Gauaren ospakizunen inguruan Euskal Herrian eman den bilakaera eta partaideen diskurtso, bizipen eta praktiken azterketa egingo dute.
Ikerketa horren bitartez garai haietan ospatzen zutenen esperientzia eta bizipenak bildu nahi dituzte egileek, baina batez ere, gaurko haurren begietatik eta diskurtsotik aztertu nahi dute fenomenoa. Halaber, etengabeko mugimenduan dabilen tradizio horren prozesua azaldu nahi dute.
Ozaitak eta Altunak adierazi dutenez, "interes sozial handiko lana izango dela iruditzen zaigu: guraso talde, aisialdi elkarte eta hezkuntza eragileentzako batik bat. Beren ekinbidea garbiago ikusteko lagungarri izan daiteke lan hau".
Juan San Martin Bekaren ibilbidea
Juan San Martin beka 2001 urtean jarri zen abian Eibarko Udalaren eta Udako Euskal Unibertsitatearen arteko lankidetzan.
Bekaren helburua euskarazko ikerketa sustatzea da eta Juan San Martin ikerlari eibartarra omentzea. Lantzen diren ikerketa esparruak Juan San Martinek bere bizitzan zehar landutakoak dira.
2015ean dagoeneko esleituta dagoen beka kontuan hartuta, 12 deialdi argitaratu dira. Urte hauetan guztietan 70 lagun aurkeztu dira deialdiotara. Beka 9.000€koa da eta sari hori 11 lagunek jaso dute. 2008ko beka ez zen esleitu epaimahaiak nahikoa mailarik ez zuelako ikusi proposameneta.
Emandako beka horietako 9 bukatuta daude eta horietatik 6 lan argitaratuta daude.
Argitaratutako lan guztiak Eibarko Juan San Martin Udal liburutegian daude eskuragarri.
Honako hauek dira orain arte eskaini eta landu diren gaiak eta irabazleak:
2001ean
- Antropologia eta Filologia
- Patxi Salaberri Zaraitegi.
- Euskal deiturategia: patronimia. (ISBN: 978-84-8438-039-4; 2003)
2002an
- Artearen historia eta Historia
- Gotzon Iparragirre Burgoa
- Liberalismoa Eibarren XIX. mendean. (Debarroko oasi liberala; 978-84-8438-171-6; 2008)
2003an
- Botanika eta Mendizaletasuna
- Aitor Gerenabarrena Osa, Asier Arregi Hernandez eta Imanol Manterola Agirrezabala
- Debabarreneko landaredia ibilbideen bitartez.
2004an
- Kazetaritza eta Literatura
- Idurre alonso Amezua
- Euskal literatur sistema eta hierarkizazio prozesuak irakaskuntzan (Erdigune literarioak irakaskuntzan. 978-84-9860-328-6; 2013).
2005ean
- Zuzenbidea eta Filosofia
- Joxe Azurmendi Otaegi
- Humboldt: hizkuntza eta pentsamendua.(ISBN: 978-84-8438-099-3; 2007)
2006an
- Linguistika eta toponimia
- Maia Duguine Haristoy
- Argumentu isilen tipologiatik orotariko teoriara (Argumentu isilak eta hizkuntza aldakortasuna. ISBN: 978-84-8438-329-1; 2010)
2007an
- Antropologia eta Arkeologia
- Aitzol Loiola Idiakez
- Gaztedia Eibar herriaren giza eraikuntza-eraldakuntzan
2008an
- Artea eta Mendizaletasuna
- Hutsik geratu da.
2009an
- Artea
- Javier Muñoz
- Euskal Herriaren eraikuntza gerra ostean: Eibarko herriaren berreraikuntza (Edizio digitala; ISBN: 978-84-695-8668-6)
2011n
- Mendizaletasuna
- Haritz Monreal Zarraonandia
- Mendizaleen literatura: narratiba biografikoaren azterketa konparatiboa
- Ez du lana burutu eta bekari uko egin dio.
2013
- Kazetaritza
- Maialen Odriozola Martija
- “EIBAR.ORG BLOG KOMUNITATEA: HURBILKETA BAT ATARIAREN ANALISIAREN BIDETIK
- Lana aurkeztua eta ontzat emana.
2015
- Etnologia
- Jozu Ozaita eta Jaime Altuna
- “Halloween edo Animen Gauaren ospakizunen inguruan Euskal Herrian eman den bilakaera eta partaideen diskurtso, bizipen eta praktiken azterketa”.